Beste erakunde batzuekiko harremanak

Untzi Museoa kide instituzionala den elkarteak honakoak dira:

ICOM (International Council of Museums)

Museoen Nazioarteko Kontseilua museo eta profesionalen nazioarteko erakunde bat da, munduko natur eta kultur ondarea, egungo eta etorkizunekoa, ukigarri eta ukiezina, kontserbatzera, mantentzera eta aditzera ematera zuzendua.

ICOMek Museoetarako Kode Deontologikoa du oinarri nagusi. Bertan ezartzen dira museoek eta horietako langileek jarraitu eta bete behar dituzten portaera eta lanerako arauak. Erakundearen parte bihurtzen direnean, ICOMeko kideek Kode hori betetzeko konpromisoa hartzen dute.

http://www.icom-ce.org

ICMM (International Congress of Maritime Museums)

Itsas Museoen Nazioarteko Kontseilua itsas ondarea kontserbatzeko lanean ari diren elkarte eta erakundeetako profesionalak eta norbanakoak hartzen dituen nazioarteko erakundea da.

http://www.icmmonline.org

Espainiako Itsas Museo eta Kultur Ondare Zentroen Elkartea

Espainiako Itsas Museo eta Kultur Ondare Zentroen Elkartearen helburua itsas kultur ondarearen babesa sustatzea, eta ondare hori ikertzea, aztertzea eta interpretatzea da. Helburu horren osagarri gisa, kide dituen erakundeen arteko lankidetza bultzatzen du, dokumentazio, ikerkuntza, zabalkunde, erakusketa, kontserbazio eta gizarte kontzientziaren arloetan.

Espainiako itsas ondarearen arloko museo eta ondare zentro nagusiek osatzen dute elkartea. Hala, kideen artean ditu Andaluziako Centro de Arqueología Subacuática, CAS, Museo Nacional de Arqueoloxía Subacuática, ARQUA, Museu Maritìm de Barcelona, Centro de Arqueoloxía Subacuática de Catalunya, Madrilgo Museo Naval, Museo del Cantábrico, Donostiako Untzi Museoa, eta Galiziako Museo do Mar bera, eta hauekin batera dira beste zentro garrantzitsu batzuk, hala nola Palamoseko Museo de la Pesca, Seno de Corcubión Museoa, Guardamarreko Museo Arqueológico eta Nueva Tabarca Museoa, besteak beste.

Elkarteak antolatzen dituen jarduera garrantzitsuen artean, jardunaldi teknikoak izaten dira. Jardunaldi horiek 2008ko urtean hasi ziren, eta ibiltariak dira, lehenak Madrilgo Museo Naval-en eta hurrengoak Murtziako Museo Nacional de Arqueología Subacuática-n egin baitzituzten. Jardunaldiek eduki teknikoa dute nagusiki, publiko interesatuarentzat irekiak dira, eta museoetako profesionalei, itsas ondareari lotutako elkarteei eta partikularrei gune bat eskaintzen diete, esperientziak elkarri aurkezteko eta elkarrekin partekatzeko.

Donostiako Museoen Sarea

Donostiako Museoen Sarea 2006an sortu zen. Bertan sartuta daude Aquarium, Chillida-Leku, Elizbarrutiko Museoa, Museum Cemento Rezola , San Telmo Museoa, Zientziaren KutxaGunea eta Untzi Museoa. 2010etik aurrera, Real Sociedad-en Museoa ere sarean dago.

Sarearen helburu nagusiak kide dituen hiriko museoetako bakoitza sustatzea, horiek zertzen dituzten jarduerak bultzatzea, eta elkarrekin ekintzak garatzea da (Museoen Nazioarteko Eguna, Aste Santuko eta Gabonetako sustapen kanpainak, etab.); horretaz gain, museoetan lan egiten duten profesionalen arteko topalekua izan nahi du.

Gipuzkoako Museoak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunea ('www.museosdegipuzkoa.net' edo 'www.gipuzkoakomuseoak.net'). Bertan azaltzen dira lurraldean dauden museo eta interpretazio zentroetako jarduera, lantegi eta erakusketei buruzko argibideak.

Itsas Sarea

Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko museoak antolatzeko proposamenaren barnean, itsas sare bat sortzea planteatzen du. Gaur egungo baliabideak honakoak dira: Untzi Museoa eta Aquarium - Itsas Jauregia (Donostia), Ontzigune (Pasai San Pedro), Itsas Gelaren Mater Itsasontzi Museoa (Pasai San Pedro), “Ontziola” ontziola tradizionala (Pasai Donibane), Bentalekua Museoa eta “Nautilus” Interpretazio Geologikoko Zentroa (Mutriku).

Epe luzera begira, espazio eta gune horiek guztiak lotuko dituen Euskal Itsas Museoa sortzea proposatzen da.

Matxitxako Elkartea

Matxitxako Elkarteak Euzkadiko Gudontzidiaren lehengo kideak eta hauen senideak biltzen ditu. Untzi Museoa bera da elkartearen egoitza. Elkarte hau 1998an Museoan izan zen “Euzkadiko Gudontzidia. La marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi” erakusketatik abiatu zen. Harrezkero, Matxitxako Elkarteak hainbat ekimen gauzatu ditu, Euzkadiko Gudontzidiaren zerbitzuan aritutako pertsonak gogoratzeko eta omentzeko bidean.

2012ko martxoaren 5ean Matxitxakoko guduaren 75. urteurrena izan zen. Data historiko horren inguruan oroitzapenezko hainbat jarduera garatu ziren.

Itsas Zabala (Itsas eta Ibaietako Kulturaren aldeko Euskal Federakundea)

Itsas Zabala-k, euskal itsas kulturaren babesaren, ikerkuntzaren eta zabalkundearen inguruan eremu pribatutik lan egiten duten enpresak eta elkarteak batzen ditu.

Untzi Museoa kudeatzen duen enpresa, Airu Z.K. Itsas Zabalaren kidea da.

Euskal Kostaldearen Museoen Sarea

Euskal Kostaldearen Museoen Sarea, 2012 sorturikoa, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak bultzatutako Euskal Kostaldearen Turismo Plan Zuzentzailearen ezarpenetik eratorritako sarea da. Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek parte hartzen dute, eta berrogeita hiru kide ditu guztira, Untzi Museoa ere barnean dagoela.

Sarea sortzearekin batera, kostaldeko kultura-eskaintza hedatu nahi da eta eskaintza horri balioa eman nahi zaio, itsas ondarean arreta berezia jarriz, museo-produktu komunak garatuz, proiektuak partekatuz, eta Euskal Kostaldearen turismoa sustatzeko eta komunikatzeko ekintzak bultzatuz.

Itsas Gela elkartea (Pasaia)

Itsas Gela elkartea itsas ondarearen ikerketan, kontserbazioan eta difusioan lan egiten duen elkartea da, 2001. urtean Pasaian sorturikoa. Itsas Gela elkarteak "Mater" itsasontzi-museoa kudeatzen du. Itsas Gela elkarteak artisau arrantzan eta itsas inguruan ardaztutako ur gaineko museo bihurtu duen Kantauriko atunontzi klasikoa da "Mater", elondo egurrez modu tradizionalean egina. Untzi Museoak eta Itsas Gelak lankidetza-hitzarmen bat ezarri dute euskal itsas historiaren eta kulturaren inguruan garatzen duten lana osatzeko eta indartzeko asmoz.

San Juan 2016 Sarea

Albaola, Itsas Kultur Faktoria XVI. mendeko euskal baleontzia eraikitzen ari da, 1565ean Red Bayn (Labrador, Kanadan) hondoratutako eta 1978an aurkitutako ontziaren hondakinak oinarri hartuta. Proiektu hau Ondartxon (Pasai San Pedro, Gipuzkoa) garatuko da, Donostia-San Sebastián 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren esparruan. Untzi Museoa, San Juan 2016 Sarearen partaidea da; sare honetan proiektuarekin zerikusia duten eragile eta ekipamendu kulturalak biltzen dira.

Contacto

Museoa bisita ezazu

Asteartetik larunbatera:
10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara

Igande eta jaiegunetan:
11:00etatik 14:00etara.

Abenduaren 24 eta 31ean:
10:00etatik 14:00etara

Astelehenetan itxita.
Urtarrilaren 1, 6 eta 20an, eta abenduaren 25ean itxita.

Ordutegia, tarifak, taldeak...

Facebook Youtube Rss

Untzi Museoa - Museo Naval
Kaiko pasealekua, 24 - 20003 Donostia (Gipuzkoa).
Tel.: +34 943 430051. Fax.: +34 943 431115.
E-mail: mnaval@gipuzkoa.net

gipuzkoa.net
© 2014 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia ·