Eraikina

Argazki galeria

1991z geroztik Untzi Museoak erabiltzen duen eraikina dugu 1813an hiria hartu zuten tropa ingeles-portugesek eragindako hondamendiaren ondotik zutik iraun zuten apurretako bat. Eraikina, XVIII. mendean altxatua, Donostiako Kontsulatuaren arkitektura aldetiko aztarnetatik gure egunotara iritsi den bakarra da.

Kontsulatuak berak egin zuen dorretxea, hain zuzen portuko jarduera kontrolpean izateko eta zerbitzu batzuk emateko. Kontsulatuaren eginkizuna baitzen, besteak beste, ontzi sarrerak eta irteerak kontrolatzea, amarratze zergak kobratzea, zamalanak kontrolatzea, nasak eta hondoak egoera onean mantentzea, nasetako ordena eta segurtasuna zaintzea, atoi lanak ikuskatzea, itsas laguntza ematea, harea eta harri lastaren kontrol eta hornikuntza, … Denbora batez Nautika Eskola gisa ere erabili zuten.

XIX. mendearen erdialdea arte portu inguruan harresitik kanpo zegoen eraikin bakarra zen. Eta noiz altxatu zuten zehatz ez badakigu ere, XVIII. mendearen erdialdean izan zela uste dugu. 1760ko Donostiako plano batean ageri zaigu jada, “Casa del Consulado” izena duela jarrita.

1813an hiria erre eta suntsitu zutelarik, dorretxea Kontsulatuaren eta San Pedroko Nabigatzaileen Kofradiaren egoitza ofizial bihurtu zen.

Pascual Madozen hiztegian -hau 1845-50ean argitaratu zuten-, Donostiako portuko dorretxea “kate, kable eta sorospenerako beste elementu batzuen gordetegi” gisa aipatzen dute. XIX. mendean, noiz izan zen zehatz ez dakigula, dorretxea estatuaren esku geratu zen; handik aurrera herri lan eta portuen ardura zeraman ministerioaren mende egongo zen. XIX. mendearen amaierako edo XX.aren hasierako argazki batean, argi eta garbi ikusten dugu eraikinaren eginkizuna adierazten duen errotulu handi bat: “Obras Públicas y Auxilios Marítimos”. Ordurako, portuko tenientea kaitik hurbileko beste eraikin batean bizi zen.

1936ko uztailean, gerra zibilaren lehen egunetan, babesleku gisa erabili zuten portuko biztanleek, bertan aterpe sendoagoa zuten-eta su gurutzatuaren eta bala galduen aurrean.

1988 arte, orduan hasi ziren dorretxea museo gisa egokitzeko lanak, eraikinak era askotako eginkizunak bete zituen. Nasetako kontramaisu eta arduradunaren etxea izateaz gain, uharteko farozainaren txalupa, portuko urpekarien ekipamendua eta portuko garbiketa eta obra zerbitzuaren lantresnak gordetzeko balio izan zuen. Obra Publikoetako Ordezkaritzaren txofer baten etxebizitza ere izan zen, eta autoak matrikulatzeko bulegoa halaber.

Hirurogeita hamarreko urteak arte, dorretxeak kaiko kontramaisuaren etxebizitza izaten segitu zuen. Eusko Jaurlaritzari eskualdatu ziotelarik, eraikina Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geratuko zen azkenean.

Eraikinaren historiari buruzko argibide gehiago nahi izanez gero:

Argazkiak

Contacto

Museoa bisita ezazu

Asteartetik larunbatera:
10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara

Igande eta jaiegunetan:
11:00etatik 14:00etara.

Abenduaren 24 eta 31ean:
10:00etatik 14:00etara

Astelehenetan itxita.
Urtarrilaren 1, 6 eta 20an, eta abenduaren 25ean itxita.

Ordutegia, tarifak, taldeak...

Facebook Youtube Rss

Untzi Museoa - Museo Naval
Kaiko pasealekua, 24 - 20003 Donostia (Gipuzkoa).
Tel.: +34 943 430051. Fax.: +34 943 431115.
E-mail: mnaval@gipuzkoa.net

gipuzkoa.net
© 2014 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia ·