Etorkizunera begira

Donostiako Untzi Museoa eta Pasaiako Itsas Museoaren proiektua

Hainbat urtetako jardueraren ondoren, esan dezakegu Untzi Museoa oso tresna baliagarria izan dela euskal itsas memoria eta ondarea kontserbatzeko eta ikertzeko, eta baita horri behar duen zabalkundea emateko ere. Gure iritziz, egindako lana ikusirik zilegi da halako gogobetetasun bat adieraztea, baina hurrena erantsi behar dugu ezen, igarotako denbora oso honetan zehar, etapa bat besterik ez dugula osatu. Kontsulatuaren dorretxe zahar eta maitagarriak museo erabilera baterako dituen egitura eta espazio aldetiko mugak direla eta, Euskal Herriak behar duen itsas museorako instalazio duinak –neurri, aurrekontu hornidura, bilduma, eta giza eta teknologia aldetiko ekipamenduz duinak- behar ditugula uste dugu.

1991n bertan, museo eginkizunetarako jarritako eraikinaren muga agerikoak ikusirik, Pasaian itsas museo bat sortzeko proposamena egin genuen haren arduradunok. Ideia hori sendotuz joan zen urteak igaro ahala, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak  aurreproiektu edo proposamen garatuago bat egiteko eskatu zion Untzi Museoaren kudeaketa-taldeari (Airu, Z.K. enpresako kideei). Proposamen hori 2006an aurkeztu zen.

Donostiako Untzi Museoak urtetan zehar bildutako ondare elementuak eta teknologia berriek eskaintzen diguten erakusketa-baliabide sorta zabalak bultzaturik, Euskal Herriaren itsas historiaren eta kulturaren mailan egongo den museo bat dugu gogoan; eta, horretaz gain, publiko zabal eta askotariko batengana heltzeko gaitasuna ere izan beharko du. Museoaren ontzi batzuk uretan egongo dira, eta horietako batzuk ikusleentzat egokiturik, kultur ibilbideetara eta laket edo kirol erabileretara begira. Portu eremua bera eta Pasaiako badiaren ertzetako herriguneak ondare baliabidetzat baloratu, eta Museoaren diskurtsoan txertatuko dira.

Aurreproiektuan planteatzen den erakusketa iraunkorrak Euskal Herriaren itsas historiaren gaineko ikuspegi global bat proposatzen du, bere adar antropologiko eta kultural interesgarri guztiekin. Baina bultzatu nahi dugun museoa ez da iragan historikoa gogoratzeko eta ondarea kontserbatzeko gune bat izango, besterik gabe. Iraganaren eta egungo errealitatearen arteko lotura bilatzen ahalegindu beharko du, ahal den neurrian etorkizunaren gaineko galderak planteatzera helduz. Itsasoko lanbide zaharren oroitzapenak toki nagusia izango du Pasaiako museoan, baina egungo arazoek eta ziurgabetasunak ere bere lekua izango dute; hala, irautea merezi duten eskulangintzako teknikei zein itsas industria berritzaileei dagokien arreta eskainiko die, iraunkortasunaren, ingurumenarentzako begirunearen eta itsas baliabideen kontserbazioaren ikuspegitik joz betiere.

Contacto

Museoa bisita ezazu

Asteartetik larunbatera:
10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara

Igande eta jaiegunetan:
11:00etatik 14:00etara.

Abenduaren 24 eta 31ean:
10:00etatik 14:00etara

Astelehenetan itxita.
Urtarrilaren 1, 6 eta 20an, eta abenduaren 25ean itxita.

Ordutegia, tarifak, taldeak...

Facebook Youtube Rss

Untzi Museoa - Museo Naval
Kaiko pasealekua, 24 - 20003 Donostia (Gipuzkoa).
Tel.: +34 943 430051. Fax.: +34 943 431115.
E-mail: mnaval@gipuzkoa.net

gipuzkoa.net
© 2014 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia ·